
gipuzkoakultura - albisteak
Duela egun batzuk, Jose Migel Barandiaranen izena, izana eta obra zaintzea, gordetzea eta gizarteratzea helburu duen Ataun Euskal mitologiaren Barandiaran Museoa gauzatzeko hitzarmena sinatu zuten Gipuzkoako diputatu nagusi Joxe Joan Gonzalez de Txabarri eta Ataungo alkate Bittor Orozek. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere ekarpena egin du proiektua burutzeko.
Barandiaran Museoa, batik bat, Euskal Mitologiaren Guneari dagokion atala, kultura inmaterialaren museoen kategorian sartzen da, bete-betean; hau da, erkidego baten kultura espirituala izango du gai eta ardatz, erkidego horren hizkuntza, ahozko tradizioak eta sinesmenak.
Ondare inmateriala lan-arlo berria da museoetan eta kultur instituzioetan. Interes bereziko gaia da gurea bezalako testuinguru kulturalean, ez baita ahaztu behar hizkuntza dela gure herriaren kultur altxor baliotsuena, euskara, alegia.
Museo egitasmo bat da, bere osotasunean, Barandiaran Museoa, molde desberdineko atalez osatua: museo etxea, ondare inmaterialaren museoa eta interpretazio zentroa. Museo den aldetik hiru ardatz nagusi izango ditu haren jardunak:
1. Ardatz museologikoa: JMBen inguruko ondare material eta inmateriala gordetzeko eta erakusteko modua eskaini, museografia eredu berrienen ildotik.
2. Ardatz zientifikoa: Barandiaranen lanen jarraipena ziurtatu, hark landutako alorren sustapena eragin, Barandiarani buruzko ikerketak bultzatu. Bistan denez, zeregin hori, Barandiaran Fundazioarekin elkar lanean eta haren gidaritzapean landuko da.
3. Ardatz kulturala: Kultura hedatzea, Barandiaranen lanak gizarteratzea, kultur biziaren baitan etengabe txertatzea, gure Museoaren zeregin nagusiak dira. Bere ezaugarriengatik, euskarak, herri kulturak eta Ataunek berak garrantzi handia dute.
Sakabanatutako museoa da: informazio gunea San Martin auzoan dago; eraikinak berriz, San Gregorio auzoan, herri-bidearen joanean. Inguruko mendietako ondare natural, megalitiko, arkeologiko eta mitologikoetara zabaltzen da museoaren lan esparrua.
Hiru egoitza ditu museoak: On Joxemielek berak eraikitako Sara Etxea gorde du eta haren balorea agerraraziko du museoak, Barandiaran Fundazioarekin elkar lanean.
Euskal Mitologiaren inguruko gune berezi bat sortuko du: Lurpeko herri bidearen aldean, Sara etxearen eta Larruntza errotaren artean.
Barandiaranen bizitza eta lanak ezagutzera emango ditu Larruntza errotan, hots, interes kulturaleko ondare izendatutako XVI. mendeko errota zahar batean, San Gregorion.
Barandiaran Museoa, Ataunen oso antzinako garaietatik gaur arteko zubia da. Herri bide bat, denboran zeharreko bide irekia, jentilen arotik informatikaren aroraino heltzen dena. Horrela, museoak bere egiten du On Joxemiel Barandiaranen goiburua Katea ez da eten.
Argazkia: www.argia.com.