
gipuzkoakultura - albisteak
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Arantzazuko Frantziskotarren elkarteak lankidetza-hitzarmena sinatu dute Arantzazuko Gandiaga II proiektua dinamizatzeko aholkularitza espezializatuak kontratatze aldera.
Frantziskotarrak Arantzazura iritsi zirela 500. urteurrena ospatzen zela aprobetxatuz, Arantzazu suspertzeko prozesua jarri zen abian. Gandiaga Topagunea dugu suspertze prozesu horren adibide behinena: seminario zaharreko instalazioak eta inguruak zaharberritu eta egokitu dira, hiru ardatz –Natura, Kultura eta Espiritualitatea- izango dituen zentroa taxutzen hasteko.
Arantzazura era askotako jendea joaten da, eta bisitari mota desberdinek dituzten beharrei erantzuten jakin behar da. Aurrena, Gandiaga-I eraikina jarri zen abian eta bertan bilkurak eta kongresuak egiteko instalazioak eta hainbat erakunderen bulegoak jarri ziren (Baketik, Naturgintza, Arantzazuko lagunak,…). Orain Gandiaga-II izeneko ondoko eraikinaren edukien eta dinamizazioaren inguruko proiektuan lan egiten ari dira; eraikin hori erakusketak egiteko eta bisitari eta turistei zerbitzuak eskaintzera bideratuta egongo da gehienbat.
Proiektuak aurrera egiteko kultur kudeaketaren esparruan zein turismoaren dinamizazioan eta sustapenean espezializatutako aholkularitzak kontratatu behar dira. Lanak 2007ko abenduaren 31 baino lehen bukatzekoak dira.