
gipuzkoakultura - argitalpenak
Otsailaren 20tik, Gonzalo Sánchez arte-galerista zenaren omenez antolatutako Ikuspegiaren arrastoa erakusketa dugu ikusgai KOLDO MITXELENA Kulturuneko Ganbara aretoan. Eta erakusketaren osagarri gisa, katalogoan artelanen irudiak eta beste kontu asko bildu ditugu.
Gonzalo Sánchezek Galería Dieciséis arte-galeria sortu zuen 1983an eta hil arte kudeatu zuen. 2007ko udaran hil zen, ustekabean, gaixotasun azkar batek eramanda. Galeriaren bitartez artista gazte asko bultzatu zituen, eta orain artista horiek omenaldi bat antolatu nahi izan diote. Hala azaltzen du galeristaren lagun eta erakusketaren komisario Carmen Alonso-Pimentelek katalogoaren aurkezpenean:
Erakusketa hau Gonzalo Sánchezen omenez antolatu da. Gonzalok Galería Dieciséis izeneko bere arte-galerian bide bat jorratzeko lehenengo urratsa egin zuen, egitasmo koherente eta ezin hobeto definitua eta ibilbide paregabea zituela. Egun hauetan, erakusketako komisarioa izanda artistekin harremanetan jartzen ari bainaiz, ohartu egin naiz nolako estimu eta miresmena sortzen dituen Gonzalok artista horiengan. Artista guztiak bat datoz Gonzalok Donostiako bizitza artistikoan izan duen eginkizunari buruz beren iritziak ematean, eta pozik onartu dute erakusketan parte hartzea. (...)
Gonzalo Sánchezi agur
Gonzalo ezagutu nuenean gainditu nuen merkatuak eta Arte galeriek eragiten zidaten arbuioa. Lehen unetik bertatik, dena oso argi ikusi nuen. Lankidetzat nahi nuen munduko pertsona bakarra zen. Barre asko egiten genuen. Fisikoki, oso erraz ezagutzen zen: handia, ederra, jaun erromatarren antzekoa. Begiak batzuetan biziak zeuzkan, eta besteetan malenkoniatsuak. Humanista eta idealista zen, eta Donostian eta Espainian izen handia zeukan. Bere erakusketetan era anitzetako proposamenak zeuden, eta oso nortasun artistiko ezberdinetako artistak; hori bai, beti maila gorenekoak. Artistak zorroztasun handiz aukeratzen zituen. Bezeroekin, berriz, oso xumea zen eta nahiago izaten zuen lasaitasunez saldu.
Lanarekin gozatzen zuen bizitzaz; dena berez egiten zuen. Gustu paregabea zeukan eta perfekzionista zen, argitaratu zituen katalogoak lekuko. Amable Arias jeinuzko artista birbultzatuz, lan bikainak egin zituen.
Bihotzeko laguna, edukazio onekoa, leiala, fidela, kutuna, maitekorra eta hainbeste dibertitzen ninduena, zenbat sentituko dudan zure hutsunea!