gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2008ko uztailak 19, larunbata

gipuzkoakultura - erakusketak

« Kaosa… argia… Bikondoa | erakusketak | Gipuzkoako Batzar Nagusiak. Eraikin berria »

San Ignazioren bidea
2006/07/03

Europako historia, kultura, arte, jakintza, zientzia, filosofia eta pentsamendu erlijioso modernoaz mintzatzerik ez dago San Ignazioren ondarea eta eragina (Jesusen Lagundiaren bitartez) aipatu gabe. Trentoko kontzilioaren garaitan hasi eta 150 urte luzez Lagundia debekatu zuten arte, Europako eskola nagusienak gidatu zituen Lagundiak. Jesuitarren eragina ez da ordea Europara mugatu: Xabierko San Frantziskok misioak zabaldu zituen India eta Japonen, eta ondoren, Txinan barrena, Afrikako kostaldetan eta Ameriketan zabaldu zen Lagundia. Gaur egun ere bizirik diraute ondare eta eragin horiek, 20.000 jesuita baino gehiago baitabiltza munduan lanean.

“ESPIRITUALTASUNAREN TUNELA”

Erakusketa-areto honetan espiritualtasunaren lau faseak dituzue, San Ignazioren ikuspegitik azalduak. Barne-hausnarketarako eremua duzue hau, San Ignazioren gogo-jardunetan pixkanaka murgiltzen lagunduko dizuena. Izan ere, barne-ezagutzarako eredu izan zitezen idatzi zituen San Ignaziok Gogo-jardunak. Obra horrekin, munduan jarduteko eta Jainkoaren hitza hedatzeko metodo pertsonal bat sortu zuen.

Bisitariak ia ilunpetan abiatuko dira tunelaren barrena eta argiz beteriko areto batean amaituko dute. “Fase” bakoitzak, San Ignaziok bere bilakera erlijiosoan egindako gogoeten adierazpen esanguratsuenetakoak eskaintzen ditu.


JESUSEN LAGUNDIAREN HISTORIA

Batetik, Jesusen Lagundiaren (1540) historia eta bilakaera ezagutaraztea du xede areto honek; bestetik, Jesusen Lagundiaren ezaugarri nagusietako batzuk erakustea.

Jesusen Lagundia sortu zeneko testuinguru historikoa gogoratuko dugu, baita Lagundiaren oinarri teoriko eta erlijioso nagusiak ere. Fórmula Instituto obran bildu zituen Ignaziok oinarri horiek guztiak, eta Paulo III.a Aita Santuak onartu eta berretsi zituen, 1540an.

Lagundiaren hasierako hedapena ere ikusten da hemen, eta tarte berezia eskaintzen zaio ebanjelizazioari, Lagundiaren eginkizun nagusietakoari. Bi menderen buruan, mundu osora hedatu ziren Jesusen Lagundiko kideak, arrakasta handiz hedatu ere. Errege-boterearekiko desadostasunak eta beste ordena erlijioso batzuekiko liskarrak zirela medio, ordea, bota egin zituzten jesuitak zenbait herrialdetatik, eta Klemente XIV.a Aita Santuak ordena desegiteko agindu zuen (1773).

Ordenaren ezaugarriei dagokienez, lan pedagogikoa izan da beti Jesusen Lagundiaren balio nagusietako bat. Pertsona alor guztietan heztea du helburu Lagundiaren pedagogiak, giza jakintzaren eremu guztiak elkarrekin lotzea. Zientziak eta humanitateak izan dira betidanik jesuiten hezkuntza-alor berariazkoak, munduari eta pentsamenduari buruzko zuzeneko esperientziak eskaintzen baitituzte. Heziketa-gogo hori zela medio, berehala eraiki zuten jesuitek hainbat ikastetxe Europa osoan, eta gaur egun ere mundu osoan dihardute.

Aipamen berezia merezi du “Ratio Studiorum” argitalpenak, jesuitarrek hezkuntza munduarekiko izan eta duten kezka eta ardura adierazten baititu. “Ratio Studiorum” 1599.ean argitaratu zen lehenengo aldiz. Jesusen Lagundiaren ardurapeko eskola eta unibertsitateetan garatutako hezkuntza metodoa, antolaketa eta sistematizazioa jasotzen ditu.

Loiolako Santutegiaren inguruan, bestalde, bistakoa da jesuitek euskal kulturari egindako ekarpena, bai literaturan, bai filologian, bai musikan... Aipatzekoak dira, besteak beste, Manuel Larramendi, Sebastian Mendiburu, Raimundo Olabide, Nemesio Otaño…

Jesuiten misioetarako eta lan sozialarekiko joera ere aipatzen da areto honetan. XVI. mendean ekin zieten jesuitek misioei, Ebanjelioaren irakaskuntza herri bakoitzaren izaerara egokituz. Horren adibide ditugu Hego Amerikako “erredukzioa” zeritzenak. Gaur egun, Gobernuz Kanpoko Erakundeen (Alboan eta abarren) eta Errefuxiatuentzako jesuiten Zerbitzuaren bitartez jarraitzen du Jesusen Lagundiaren gizarte-ekintzak.

Argazkia: http://www.flickr.com/photos/27302562@N00/40912830/

 
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura eta Euskara Departamentua- Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net