gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2008ko uztailak 20, igandea

gipuzkoakultura - erakusketak

« Dokumentuak | erakusketak | Suite Erotique »

Etorkizunaren memoria
2007/01/24

Urtarrilaren 25ean inauguratuko da, KOLDO MITXELENA Kulturunean, duela gutxi aipatu genuen Dokumentuak, etorkizunaren memoria erakusketa.

Katalogo bat ere argitaratuko da lanen erreprodukzio grafikoak eta Rosa Olivares, Seve Penelas, Celia Díez eta Alberto Sánchezen testuak jasoz. Lau hizkuntzetan argitaratuko da: euskaraz, gazteleraz, galegoz eta ingelesez.



Dokumentuak, etorkizuneko memoria

Komisarioa: Rosa Olivares
Koldo Mitxelena Kulturunea: urtarrilak 25 – martxoak 17
Ordutegia: asteartetik larunbatera, 10.30etatik 14etara eta 16retatik 20.30etara.
Artistak:

. Juan Manuel Echavarríak ahozko tradizio bat bildu du, literaturaren historia, atsekabearen kantua, kantuetan, ahoz aho, bideetan, hondamendiaren lekuko anonimoek ahotsean kontatutako historia bezain zaharra. Bocas de ceniza (Errauts ahoak) lanean (borrokako ia berrogei urtetan hainbeste hilotz jaurti diren Magdalena ibaiaren bokaletik hartutako izena), bere belarriak eta bere sortzeko eta atsekabea zabaltzeko gaitasuna Kolonbian gertatu ziren sarraskietatik bizirik irtendakoei uzten dizkie.

. Ann-Sofi Sidének ere iraganeko historia bat berreraikitzen du, baina, kasu honetan, ez dago zuzeneko lekukorik. Argazkietarako eta bideorako berreraiki eta eszenifikatutako historia bat da, non historikoki emakumeei bakarrik esleitu zaizkien delituen tipologiak katalogatzen dituen, adibidez, sorginkeria, prostituzioa eta abortua. Emakumeen delitu horiek bere herrialdeko historiako kasuen adibideekin ilustratzen ditu, zuri-beltzean eszenifikatuz ilustrazioak bezala diren irudiekin, kasu bakoitzean, azalpen testuekin lagunduz.

. Luc Delahayek dokumentu gogoangarriak, monumental fresko historikoak egiten ditu, ezezagunak ez baina gertukoak diren gertakarienak. Artista lekuko da eta ikusi zituen bezala kontatzen ditu, zuzenean. Argazki-kazetaritzaren teknikak, espazio handietako argiztapena eta errealitatearekin “zuzenean” denbora errealean lan egiteko gaitasunak menderatzen dituenez, Delahayek historiazko pinturaren oinordeko zuzenak diren obrak eraikitzen ditu.

. Jacques Fournelek turismoari, astialdiari eta klase ertaineko masen debozioari buruzko lan bat aurkezten du, urruneko kostak, paradisu galduak aireportuak eta monumentu mitikoak axolagabekeriaz inbaditzen dituen nazioarteko burgesiari buruzkoa. Ni Kariben, Ni Indian, Ni Eiffel Dorrearekin, Ni Taj Mahalarekin… Badirudi hori dela obra honen helburu bakarra: frogatzea, Ni han egon nintzela esatea.

. Alec Sothek ere itxuran hutsala den zerbait kontatzen digu. Leku baten historia, Niagara Falls, Kanadako herri turistiko txiki bat landako Las Vegas bailitzan ezkontzaren industrian espezializatua. Eztei bidaietako leku mitikoa, edertasun handiko paisaia idilikoengatik, ezkontzaren eta betirako zoriontasunaren sinonimo direnak Iparramerika guztian. Sothek historia bat eraikitzen du benetako zatiekin: emaztegaiaren soinekoa, maitasun eskutitzak, ezkonberrien hotelak, etab.; baina ikuslea da irudien zirrikituak betetzen dituena.

. Egungo zientzia gizartearen etengabeko ikerketarako arrazoi bat lurreko lehen gizonen aztarnak bilatzea da. Bilaketa horretan, azken mendeetan, jatorri hori data desberdinetan eta planetako leku desberdinetan jarri du gizonak, urruneko iraganean Atapuerca, Forbes’ Quarry, Zhoukoudira eramaten gaituen atzerako lasterraldi moduko bat eraginez, bilaketa horretako momentu jakin bakoitzean zientzialariek lehen gizona kokatu duten lekuetara, aldiro munduko leku desberdinean, aldiro milaka urte batzuk lehenago. Daten eta lekuen gerra hori da Bleda eta Rosak beren egungo Orígenes (Jatorriak) proiektuan jorratzen dutena.

. Sebastián Friedmanek hain zorrotza eta mugatua den familia munduko lan munduan sortzen diren harreman pertsonaletan pentsarazten digu. Familia y doméstica (Familia eta neskamea) serieak diptiko forman bi irudi eskaintzen dizkigu, batean familia kontratatzailea dago kontratatutako pertsonarekin, zerbitzuko emakumearekin; beste irudian, neskamea bere familia ingurunean azaltzen da. Gizarteko eta laneko arazoen dokumentu intimista, ordena moraleko beste alderdi asko ekartzen dituena: tratu feudala edo lanekoa besterik ez den harremana familiara zabaltzearen ezintasuna.

. Gerra da edozein dokumentalistaren gustuko gaia, agian hondamendi naturalek edo gizonak eragindakoek bakarrik gainditzen dutena. Brian McKee Afganistanen barrena ibili da hondamendiaren ondoren, dotoreziako eta dekorazio exotikoko leku paregabeak ziren aretoak zituzten jauregietatik pasa da eta gertatu dena erakusten digu, zein den hondamendiaren arrastoa hilotzik edo kerik ez dagoenean, nola zibilizazio baten historia aldatu egiten den; bere aberastasunak hauts bihurtzen dira eta bere ohiturak ahaztu egiten dira.

. Atlas Group, Walid Raadek Libanoren irudia hondamenditik abiatuta eraikitzen saiatzen da, duela hainbat hamarkadetatik jasaten duten bonbardaketetako eta gerra intermitenteko obra hondakinetatik beren eskuetan ezinbestean dokumentu bihurtzen den produkzio artistikoa berreskuratuz. Erakutsitako lana “my neck is thinner than a hair” (Nire lepoa ile bat baino finagoa da) da; Libanon leherrarazitako bonba autoen 250 irudiren artxiboa da eta argazkiak eta testu dokumentazioa eta eraso gerrillariaren modu berri horren inguruko ikerketa biltzen ditu.

 
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura eta Euskara Departamentua- Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net