
gipuzkoakultura - erakusketak
Aurkeztu dute dagoeneko, KOLDO MITXELENA Kulturuneko Ganbaran, Jose Antonio Sistiagaren Suite Érotique erakusketa.
Margolari eta zinemagile abstraktuak 1980tik 1992ra bitartean egindako marrazki erotikoen hautaketa eskaintzen du erakusketak. Artista donostiarrak marrazki erotiko ugari egin zuen urte haietan, fidelys paper zurian klariona (urdin prusia) erabiliz (50,8 x 37,5).
Aurkeztu berri den erakusketak Alvaro Matximbarrena du komisario, eta 24 marrazki eta bi argazki hartzen ditu barne.
Suite érotique
KOLDO MITXELENA Kulturunea, Ganbara, 2007ko urtarrilaren 31tik martxoaren 24ra.
Asteartetik larunbata arte: 10:30 - 14:00 / 16:00 – 20:30
Astelehen, igande eta jaiegunetan itxita.
Taldeentzat bisita gidatuak astelehenetik larunbatera.
Marrazki hauek segundo batzutan egin dira, olio gaineko pastelean, begirada ekinean dauden maitaleengan jarrita, mahai baten aurrean lanean estu ari den artista baten eskutik. Saio bakoitzean hirurogeiren bat marrazki egin ziren horrela, arineketan, inolako gain-ukiturik gabe, ezer gehitu eta ezabatu gabe.
Gutxi heldu dira guregana. Sistiagak esandakoaren arabera, pianoan eginiko inprobisazioak bezalakoak dira (eta hauek ere ezkerreko eskurako eginak, Ravelen kontzertu ospetsuaren antzera –euskalduna hau ere!-). Zehatzago esanda: gai baten inguruko inprobisazioak dira. Eta zer-nolako gaiak gainera!. Ederrena, izugarriena, ezerosoena, atseginena, zoragarriena, hau da, gozoena eta ikaragarriena, xarmangarriena eta geldiarazleena.
Maitasuna ikusi J.A. Sistiagaren marrazki erotikoetan Dominique Noguezen testutik aterata.
Ez da ohikoena izaten artista plastikoak bere ohiko espazio piktorikoak alde batera uztea, denboraren eta ofizioaren poderioz berezko eta identifikagarri bihurtu dituen espazio horiek, alegia, nahiz osoki figuratiboak nahiz abstraktuak izan –horrek ez du axola–, eta ezertara ausartzea, ausardia baita kontua marrazketa erotikoaren alorrean. Izan ere, debekatutakoaren alorra izan da orain gutxi arte –batzuk diotenez–, eta oraintxe arte –eskuarki bizi izandakoaren errealitateak dioenez–, eta, debekatua eta soilik debekatua den heinean, subertsiboa ere bada, neurriz –ezin gehiagora iritsi-eta, tamalez–.Soin biluzia erakustea –eszenako protagonista nagusia, behingoz– gizarteko arauek ezarritako debeku zehatz edo inplizitu bat haustea da, egokia eta ez egokia denaren artean dago, era engainagarrian aurkeztu arren, edertasunaren ospakizun gisa, ikono artistiko gisa, memelokeriak ukiezin bihurtzen dituena, baita sakratu ere, bilauen oroimena bezala. Era berean, beste txepelkeria batzuk eta era askotako nahaskeriek gehiago jotzen dute ezkutatzera, argitzera edo agerian jartzera baino, batetik, erabat nabarmena dena –guztiz zabalduta dauden hanka batzuk dioten hori dioten neurrian–, eta bestetik, isilpean edo sublimatuta dagoen arrazoi mordoa, izan ere, horiexengatik ekin baitio norbaitek soin horiek eta ez beste batzuk margotzeari –eskortzo horretan eta ez beste batean–, eta txoko hori eta ez beste bat erakusteari.
Con Sistiaga en el baile de los coritos, Miguel Sánchez-Ostizen testutik aterata.