
gipuzkoakultura - erakusketak
Azaroaren 29tik otsailaren 9ra Eraiki, Bete, Hustu. Espazioaren erabilerak erakusketa izango dugu KOLDO MITXELENA Kulturuneko Erakustaretoan.
Erakusketak Adrian Tyler, Edward Burtynsky eta Joel Meyerowitz argazkilarien lana biltzen du, espazioaren ideia, arkitekturarekin duen harremana eta argazki bidezko errepresentazioa ardatz hartuta. Guztira 39 lan biltzen ditu (Adrian Tylerren 12 lanak diptikoak dira). Erakusketa antolatzeko espazioaren zikloa hartu da ardatz: espazioaren sorrera eta pertzeptzioa, erabilera eta, azkenik, hondamena; azken honek, bolumena libre uzten du, berriz ere eraikuntza berri batekin betetzeko. Fase bakoitzak atal bat dauka erakusketan.
Eraiki atala espazioaren sorrerari dagokio. Adrian Tylerrek Eltziegon, Frank Gehryk Marqués de Riscal upeltegiarentzat diseinatutako hotelaren eraikuntza prozesuan, egindako argazkiak biltzen ditu. Tylerrek hainbat argazki atera zituen ikuspuntu beretik, lanen prozesua erakusteko. Hala, bete gabeko espazio ireki batetik arkitekturak mugatutako baterako aldaketa argi ikusten da. Diptiko bidezko aurkezpenak aldaketa hori azpimarratzen du eta, era berean, espazioaz bere mugen bidez bakarrik jabetu gaitezkeela dioen printzipioa egiaztatzen du.
Bete atalean espazioaren erabilerak bildu dira. Espazioaren erabilerak (aisia, lekualdatzea, topaketak, lana...) eta hirian egindako ibilbideak hiria ulertu eta kontatzeko modua dira. Baina azken urteotan fenomeno berri bat bizi dugu, hiritarren beharrei erantzuten zien eredua alde batera utzita, etorkizuneko hiri-aglomerazioak nagusitzen dira.Txinako megapoliak antolaketa eredu berria dira; bertan, norbanakoaren dimentsioa eraikuntzen neurrigabetasunean galtzen da. Edward Burtynsky argazkilari kanadiarrak Hiru Eztarrien presa erraldoian hasitako Txinari buruzko lana Shangai bezalako hiri erraldoiek bizi zuten aldaketa erakutsiz bukatu zuen, non garai bateko egitura erabat ezabatu eta etxe orratz erraldoiek hartzen duten espazioa.
Txinan egun bizi den prozesu honek erakusketaren hirugarren atala dakar: Hustu. Hiri batean espazio berri bat sotzeko zaharrak desagertu behar du, hutsa uzteko. Huts hau gehienetan iragankorra da baina batzuetan, denboran txertatzen da. Prozesu hau ez da inoiz New Yorkeko atentatuen ondorengoa bezain dramatikoa izan. Dorre bikiak ameriketako bizitza eta ekonomia ereduen ikur gisa eraiki ziren eta atentatuak mendebaldeko pentsaeran garai baten amaiera eta beldurrak eragindako pentsaera ekarri zuen. Lehen muduko herriek ikusi zuten indar ekonomikoa eta gizarte ereduak ezin ahulagoak zirela galtzeko bizitza bakarrik zutenen aurrean. Shock horren ondoren, hondakin tonak kendu eta gorpuak bilatzeari ekin zioten. Batzuk ez zirenn sekula agertu. Joel Meyerowitz argazkilariak bederatzi hilabete eman zituen prozesu horren argazkiak ateratzen, gero Aftermath liburuan biltzeko. Erakusketak lan horren zati bat erakusten du.
Data: azaroaren 29tik otsailaren 9ra.
Ordutegia: asteartetik larunbatera, 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era.
(Astelehen, igande eta jaiegunetan itxita)
Bisitaldi gidatuak : kmk@komazk.com