
gipuzkoakultura - erakusketak
Martxoaren 6an Behar gorria Primavera azul izeneko erakusketa inauguratu genuen Erakustaretoan. Lehenago, ABCD de las Artes y las Letras aldizkariko kazetari Javier Díaz Guardiolak elkarrizketa egin zion Manu Muniategiandikoetxeari. Laster aurkeztuko dizuegun katalogoan publikatuko dugu.
Bitartean, erakusketaren kazetan (PDF; 636 KB) elkarrizketaren laburpena aurkituko duzue. Egiaren ordua izenburupean, Javier Díaz Guardiola eta Manu Muniategiandikoetxea erakusketari buruz, artistaren erronkaz, bizi duen momentuaz... solasten dira.
KOLDO MITXELENA Kulturunerako prestatu duen proiektua azken urteean lan egiteko izan duen moduarekin oso lotuta dagoela dio Manu Muniategiandikoetxeak.
Zertan datza KMrako proiektu hau?
Nik uste zerikusi handia duela azken urteotako lan egiteko nire moduarekin, lana erakutsiko dudan aretoen egitura kontuan hartuta. Hortik abiatuta sortzen da gaia eta lanen hautaketa. Gustatu egiten zait erakutsiko den lekuaren arkitekturak muntakerarekin erlazioa izatea, eta KMren kasuan hori nabarmena da, espazioan dauden areto kopuru bezainbeste proiektu erakusten baitira, ia-ia.
Lanak edukiko dituen espazioa era globalean ulertzeko joera horretan, zertan zetzan Donostiako artegune horren erronka?
Uste dut lanaren eta lekuaren arteko erlazioa dela honetan interesgarriena. Ez dut muntatze tipikoan erori nahi. Erakusketa eraikitzeko orduan zerbait “gertatu” behar du, zentzu bat eman behar zaio gertakari horri, osterantzean iraganeko planteamenduetan eroriko baikara berriz. Une honetan, diskurtso artistikoaren parte bat da gogoeta egitea zer den erakustea, zer esan nahi duen lana ekoizteak, zertarako erakusten den. Galdera horiei erantzuten diet ez dagoela formula magikorik, une berezi batetik sortu behar duela, esperientzia antzeko zerbait dela. Erakusketa ikustera datorrenak ulertu behar du lana ez dela objektua soilik, hura instalatzea ere badela, baita lana erakusteak dakartzan arazoak ere.
Elkarrizketatu zintudan lehen aldian pintoretzat jotzen zenuen zeure burua beste edozeren gainetik. Ez zinela eskultorea zenioen, eta espazioaren okupazioa ere ez zenuela kontrolatzen. Alabaina, zure ekoizpenean hiru dimentsioei, arkitekturari dagokion asko dago orain. Nola lortzen da azkenean begirada piktorikoa guztiaren gainetik gailentzea?
Pintorea naiz. Hala ere, une honetan, eta Behar gorria dela eta, ez dakit benetan zer naizen. Pinturatik abiatzen naiz; alabaina, hemen erakutsiko dudanari begiratzen badiot, pintura nonahi dago, eta aldi berean ez dago, ez behintzat barne irudi eta barne pintura arazo batetik abiatuta planteatua, baizik eta agian bi dimentsiotakoa zertan izan ez duen pinturatik abiatuta. Beste gauza bat da emaitza ez dela ohikoa, baina ez naiz ezer aurkitzen ari, ongi baitakigu ia hori guztia abangoardiaren aurreikuspenak direla.
Mintza gaitezen zure pieza guztietan fi nkatzen den formaren eta funtzioaren arteko erlazioaz.
Ezin sinetsizkoa dirudi, baina formari ez diot garrantzi handirik ematen. Ia-ia bere kabuz agertzen da. Niretzat oso errepikakorra da, eta gehienetan aitzakia izaten da lanean jarraitzeko. Hori bai, funtzioan zentratzea, gauza batek zer izan behar duen eta nola izan behar duen, zertarako balio duen, hori bizitzen ari garen egungo prozesuaren parte bat da. Uste dut arteak heziketa funtzioa izan behar duela, barne hizkuntza bat, baina gizarteari, soziologikoari, publikotasunari dagokiona.
Estetikoa baino gehiago etikoa izan behar duela esan nahi al du horrek?
Horretaz ere mintzo da erakusketa, osatzen duten proiektuetako batzuk kale-plazetan egongo baitira. Gertatzen ari den horretan artistak -egituraren eragileak garen aldetikparte hartzen dugun unetik, egoera bat oinordetzeaz gain, gertatzen ari denaren eta gertatuko denaren erantzukizuna daukagu: horra hor etika.