
gipuzkoakultura - erakusketak
Martxoaren 6an inauguratu genuen KOLDO MITXELENA Kulturuneko Erakustaretoan Behar gorria Primavera azul erakusketa. Hiru hilabete pasata, larunbatean, maiatzak 10, agur esango diogu Manu Muniategiandikoetxearen erakusketa honi.
Beraz, oraindik ikusi ez baduzue, ez aukera galdu. Izan ere, ez da edonolako erakusketa: Manu Muniategiandikoetxeak areto honetarako sortu eta egin zuen, espazio horretarako berariazko proiektu bat aurkezteko gonbidapenari erantzunez. Hala, obraren eta lekuaren arteko erlazioa binomio bereiztezina eta nabaritasun eztabaidaezinekoa da erakusketa guztian. Bertan, argi ikusten da obra ez dela objektua bakarrik (pintura edo eskultura), instalazioa eta obra erakusteak eragindako arazoak ere obra beraren parte direla.
Maiatzaren 10era arte duzue binomio hori bertatik bertara ikusteko aukera, 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era, Erakustaretoan.
Eta ekainaren amaieran, bideojokoek hartuko dute lekukoa Erakustaretoan, Try Again erakusketan.