
gipuzkoakultura - jarduerak
Ate joka dugu uda eta, ohi bezala, dantza ikastaldiak antolatu ditugu. Aurten ere, bi irakasle gonbidatu ditugu. Robert Poole dantza garaikideaz arduratuko da, eta Angel Rodríguez dantza klasikoaz. Azken honekin batera, Alberto Sagardia piano-jotzailea arituko da. Ikastaroak ekainaren 30etik uztailaren 11ra izango dira, Artelekun. Izena emateko azken eguna ekainaren 20a da.
Dantza eskola edo akademiaren batean gutxienez bi urte daramatzaten 12 urtetik gorako dantza ikasleei zuzenduta daude udako ikastaro hauek. Aukera bikaina da ikasturtean ikasitakoa hobetzeko, ohitura txarrak zuzentzeko eta lehen mailako irakasleekin egoteko.
Angel Rodríguez
Carmen Rochek zuzentzen zuen Espainiako Ballet Nazionalaren eskolan egin zituen dantza ikasketak. Dantzari gisa Victor Ullatek zuzentzen zuen Ballet Nazionalean hasi zen; ondoren Carmen Senraren dantza modernoko konpainian ibili zen, eta 1989tik aurrera Genevako Antzoki Nagusiko Balletean egon zen bost urtez, Oscar Araizen zuzendaritzapean. 1992an Nacho Duatok zuzentzen duen Dantza Konpainia Nazionalean sartu zen eta bakarlari eta lehen dantzari gisa aritu zen 1996a bitartean.
Koreografo gisa Carmen Rocheren Balleterako eta Dantza Konpainia Nazionalerako lanak egin ditu, eta baita zenbait ikus-entzunezko proiektutarako ere. Azpimarratzekoa da 2007an Jesucristo Superstar musikalerako egindako koreografia.
Madrileko Kontserbatorioan Dantza Klasikoko irakasle titulua izanik zenbait ikastetxetan irakasten aritu da, hala nola, Scaena eta Alicia Alonso Goi Mailako Dantza Institutuan.
Angel Rodríguezek Alberto Sagardia piano-jotzailea izango du lagun ikastaroetan. Donostiako Kontserbatorioan hasi zuen Alberto Sagardiak bere ibilbide profesionala. 1995 urtetik hona Nafarroako Gobernuaren dantza eskolan egiten du lan eta 2002 urtetik aurrera Biarritz Balletean ere dabil. Halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiaren udako ikastaldi hauetan, Biarritzeko nazioarteko stage-an eta beste zenbait froga nahiz azterketa ofizialetan aritzen da.
Robert Poole
Londoneko Royal Ballet School ikastetxean egin zituen dantza ikasketak. Geroztik ondoko dantza konpainietan ibili da: Holandako Het National Ballet, Kanadako National Ballet, Londoneko Rambert Ballet, Italiako Balleto Toscano, New Yorkeko Manhattan Ballet, Holandako Scapino Ballet eta Alemaniako Frankfurt Balletean.
Zuzendari eta koreografo gisa, Austriako Linzeko Balletean ibili zen bost urtez. Europako hainbat dantza konpainia eta ikastetxetan aritu da koreografo eta irakasle gonbidatu gisa: Valentziako Goi Mailako Kontserbatorioan, Frankfurteko S.O.A.P. konpainian, Leedseko Northern School of contemporary dance eskolan eta Rotterdameko Scapino Balletean, besteak beste.
IZEN EMATEA
Izena emateko txartela behar bezala bete -dantza irakaslearen sinadura edo ikastetxeko ziurtagiri batekin- eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sustapen eta Hedapeneko Zuzendaritzara bidali behar da (KOLDO MITXELENA Kulturunea, Urdaneta 9. 20006 Donostia. Telefonoa: 943-112891, Fax: 943-112765, e-mail: programazioa@gipuzkoa.net) ekainaren 20a baino lehenago.
Izena emateko txartela eta ikastaroei buruzko informazio gehiago (PDF, 190 KB)