gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2008ko uztailak 19, larunbata

gipuzkoakultura - liburutegiak

« Nazioz euskaldunak | liburutegiak | Lana Turner »

Rafael Azcona: gidoilari
2008/04/25

Rafael Azcona Apirilaren 28tik maiatzaren 2ra azken bost hamarkadetako espainiar zinemako gidoilaririk nagusiena gogoratuko dugu Fonotekan: Rafael Azcona.

Eleberriak idazten eta umorezko aldizkarietan -La codorniz-en, esaterako- kolaboratzen hasi zen, baina zinemagintza gertutik ezagutu ondoren, ez zuen sekula utzi. Gaitasun ukaezina ez ezik, sekulako erraztasuna zuen gidoigintzarako. Berak aipatu ohi zuen eleberriak idaztea baino errazagoa zitzaiolako idazten zituela gidoiak.

Hainbat sari eskuratu zituen. Sei Goya, 1988an jasotako Espainiako Zinemagintza Saria eta 1994eko Arte Ederretako Urrezko Domina dira aipagarrienak.

81 urterekin hil zen, 2008ko martxoaren 24an, biriketako minbiziaren ondorioz. Gidoilari entzutetsu hau gogoratzeko lau film interesgarri eskainiko ditugu apirilaren 28tik maiatzaren 2ra (maiatzaren 1ean ez da emanaldirik izango) KOLDO MITXELENA Kulturuneko Fonotekan:

Astelehena 28: El cochecito (1960). Marco Ferrerik zuzendu zuen eta gidoia biena da (Azconarena y Ferrerirena). Agure batek duen guztia saltzen du ezinduentzako aulki berezi bat erosteko, lagun guztiek bat dutelako. Film bikain honek ezin hobe islatzen du garai hura. Aktore taldea ere bikaina da: José Isbert, Pedro Porcel, María Luisa Ponte, José Luis López Vázquez, Antonio Riquelme eta abar luze bat.

Asteartea 29: ¡Vivan los novios! (1970). Luis García Berlangak zuzendutako film honetan banku bateko langile bat Costa Bravara doa han ezkontzeko. Amaren bat-bateko heriotzak ezkontza bertan behera utz dezake, eta horren ondorioak ikusita, ezkondu arte heriotza izkutatzea erabakitzen dute ezkongaiek. Aktoreen artean aipatzekoak dira José Luis López Vázquez, Laly Soldevilla, José María Prada eta Manuel Alexandre.

Asteazkena 30: El bosque animado (1987), José Luis Cuerdarena. Galiziako edozein txokotako baso batean girotuta dago filma eta hainbat pertsonaia bitxi biltzen ditu: bidelapurra, Santa Compañako arimen segizioa, maitemindua, apaiza, jauna... Film dibertigarri eta kuttun honekin gidoi onenaren Goya saria eskuratu zuen Azconak. Alfredo Landa, Tito Valverde, Miguel Rellán eta Alejandra Grepi ditugu protagonista.

Ostirala 2: ¡Ay, Carmela! (1990). Carlos Saurak zuzendu zuen. Gerra Zibilean errepublikaentzako lan egiten duen komiko talde baten gorabeherak kontatzen ditu. Nazionalek harrapatu eta beraientzako antzeztera behartzen dituzte. Andrés Pajares, Carmen Maura eta Gabino Diego dira aktorerik aipagarrienak. Filmak hainbat Goya eskuratu zituen: gizonezko aktore onena , emakumezko aktorea , bigarren maialko aktorea , zuzendaria, filma eta moldatutako gidoia, Azcona eta Saurarentzat.

Ohi bezala, emanaldiak 17:30ean hasiko dira.

 
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura eta Euskara Departamentua- Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net