
gipuzkoakultura - liburutegiak
Maiatzaren 5etik 9ra Lana Turner gogoratuko dugu KOLDO MITXELENA Kulturuneko Fonotekan. Berez Julia Jane Mildred Frances Turner izena zuen aktore honek arrakasta handia izan zuen, batez ere 40 eta 50eko hamarkadetan.
1937an hasi zen zineman, William Wellman-en Ha nacido una estrella filmean. Geroztik film askotan lan egin zuen eta bere edertasunak sex-symbol bihurtu zuen, bereziki 40 eta 50eko hamarkadetan. Bere film esanguratsuenen artean aipagarriena John Garfield-ekin batera egindako El cartero siempre llama dos veces da.
Zazpi aldiz ezkondu zen eta hainbat maitale ere izan zituen: Howard Hughes, Frank Sinatra, Clark Gable, Errol Flynn, Tyrone Power eta Fernando Lamas.
60ko hamarkadaren ondoren, bere ibilbidearen gainbehera hasi zen eta geroxeago bigarren mailako zenbait filmetan eta Falcon Crest telesail famatuko atal batzuetan baino ez zuen lan egin.
1994ean Donostia Saria eskuratu zuen Donostiako Nazioarteko Zinemaldian. Hurrengo urteko ekainean hil zen, 75 urterekin, minbiziaren ondorioz.
Astelehenetik ostiralera aktore honen bost film, eskainiko ditugu, 17:30etan:
Astelehena 5: Mr. Imperium (1951). Don Hartmanek zuzendutako film honek Hollywoodeko aktore baten eta errege bihurtzen den printze baten arteko maitasun harremana du ardatz. Harremanak aurrera egin ahal izateko, izkutuan ikusi behar dute elkar. Ezio Pinza eta Lana Turner ditugu protagonista.
Asteartea 6: El zorro de los océanos (1955). John Farrowek zuzendu zuen akzio eta pasiozko film hau. Armadako ofizial batek emakume batenganako eta aberriarenganako maitasunaren artean aukeratu behar du. Lana Turner eta John Wayneren arteko elkarlan bikaina.
Asteazkena 7: Vidas borrascosas (1957). Mark Robsonek zuzendu zuen, Grace Metalious-en Peyton Place eleberrian oinarrituta. Aktoreen lan bikaina aipatzekoa da; bereziki, Arthur Kennedy (bigarren mailako aktore onenaren Oscar sarirako izendatu zuten) eta Lana Turnerena (film honengatik lortu zuen Oscar sarietarako izendapen bakarra).
Osteguna 8: Brumas de inquietud (1958). Lewis Allenek bi kazetariren arteko amodio nahasi baten istorioa kontatzen du film honetan. Bata BBCkoa eta bestea Bigarren Mundu Gerran Ingalaterran lanean dabilen amerikarra. BBCko kazetariarena izan zen Sean Conneryk zinemako aktore gisa egindako lehen lana. Barry Sullivan eta Glynis Johnsen lana ere aipatzekoa da. Filma ingelesez eskainiko dugu gaztelaniazko azpitituluekin.
Ostirala 9: Imitación a la vida (1959). Douglas Sirken maisulana. Arrazakeriaren aurkako melodrama. Aktore batek Annie izeneko emakume beltz bat eta Sarah Jane alaba mulatoa ezagutzen ditu hondartzan. Anniek etxeko lanak egiten dizkion bitartean, aktoreak izar izateko bidea hasten du. Aktore talde bikaina biltzen du film honek: Lana Turner, John Gavin, Sandra Dee eta Dan O'Herlihy, esaterako.