gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2008ko azaroak 23, igandea

gipuzkoakultura - nere bulegotik

« Hitzik gabeko narrazioak | nere bulegotik | Aquí nos vemos, John Berger »

Pasaiako herritik
2006/03/03

sua nahi, mr. churchill Ederra da benetan narrazioen bidez gogoratu edo amestu nahi izan genituen bizitzak bat-batean topatzea. Sua nahi, Mr. Churchill? Koldo Izagirreren azken liburuarekin horixe bera gertatu zait eta.

Altza-Buenavistan jaioa naiz, gure aita eta familia Trintxerpen eginak, gure amarena Nafarroatik etorri eta Sanjuanen bizitzera... Ba, Koldok eskaini dizkidan kontakizun horietan haur eta gazte garaietako gertaerak, usadioak, zurrumurruak, hotsak eta usainak, garrasiak eta biraoak sentitu ditut, eta baita gure nagusiek ezkutuan gordeta zeuzkaten gerraren saldukeria eta beldurra ere.

Adinean gero eta sartuxeago naizenez, gure memoriaren berreskuratzeko maniak harrapatu nauen honetan, benetan eskertzekoa da literaturaren eragina gai horien jorraldiari ekin behar zaionean. Eta horretarako Koldoren eskua maisuarena da. Nolanahi ere, opariak bere ordaina dakar. Esaten eta ezkutatzen duenaren arteko sarea harrapatu beharko baitu irakurleak eta marinel hizkeraren gaia gutxietsi gabe... Bai, gozatu eta hunkitzeko lana eskatzen du narrazioak.

Bitxikeriak:
Kontakizun batean aipatzen den gerra garaiko "Avance marino" anarkisten panfletoa edo... zena P.-k Amsterdamgo International Institute of Social History delakoan erosi genezakeela esaten zidala ez zait behin ere ahaztuko, atzerrian liburutegirako erosten genuen lehenengo dokumentua izan baitzen.

Badauzkagu familian garaiko argazki batzuk gordeta.
Oleta eta Buenavista, Gomistegitik
gomistegitik
Familiaren untzi bat (Ignacio de Loyola izenekoa)
untzia

Nik ere Serafin Esnaola Trintxerpeko apaiza izan zenaren oroimenez idazten ditut lerro hauek.

 
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura eta Euskara Departamentua- Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net