
Ondare Historiko-Artistikoa arloa, beste zuzendaritza baten barruan dago: Kultura Ondarearen Zuzendaritza Nagusian, alegia.
Arlo honetan, Gipuzkoako ondare historiko-artistikoa –higigarria eta higiezina-, arkeologikoa eta etnografikoa babestu eta ezagutzera emateko egiten dugu lan. Izan ere, helburu nagusia antzinatik jaso ditugun gure kulturaren adierazle esanguratsuenak kontserbatzea da.
Gure jardueratako bat da interes kulturala duten eraikin edo aztarnategi arkeologikoetan egiten diren esku-hartze edo lanek beren mantentze eta kontserbazioan lagun dezaten bermatzea, balio kulturalik gal ez dezaten.
Ildo berean, diru-laguntzak eskaintzen ditugu urtero ondare erlijioso eta zibila zaharberritzeko lanak eta arkeologi indusketak burutzeko; balio historiko-artistikoa duten eraikinak ereduetan oinarrituz zaharberritzen ditugu: Loiolako Basilika, Igartubeiti Baserria (Ezkio-Itsaso), Agorregiko burdinola eta errotak (Aia) eta Santa Teresa Komentua (Donostia).
Honez gain, Foru-Aldundiarenak eta erakunde publiko eta pribatuenak diren arte-lanak zaharberritzen ditugu, eta baita material arkeologikoak ere, Zuzendaritza honek ARTELEKUn dituen tailerretan.
Bestalde, ondarearen zaintzaren inguruko aholkularitza ematen diegu erakunde publiko eta pribatuei, eta gure ondare historiko-artistiko, arkeologiko eta etnografikoari buruzko ezagutza hobetzera bideratutako proiektuak sustatzen ditugu. Eta, ezagutza hori hedatzeko, berezko argitalpenak eta on line kontsulta daitezkeen edukiak eskaintzen ditugu.