gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2008ko azaroak 23, igandea

gipuzkoakultura - ondarea

« Praileaitz dela eta | ondarea | Donostiako museoak »

Untzi Museoa berritzen ari da
2007/02/16

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Untzi Museoa inauguratu zenetik dagoeneko 16 urte igaro diren honetan, Donostiako kaian dagoen museo honek bi hilabetez itxiko ditu ateak, bere erakustokia berritu eta “Donostia, itsas hiria. San Sebastián, ciudad marítima” erakusketaren muntaketari ekitearren.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Zuzendaritza Nagusiaren ideiaren ildotik, egungo erakusketa iraunkorretarako aretoen ordez beste formula bat erabiliko da, hain zuzen museoko erakusketa espazio osoa gai monografiko bati eskainiz. Gai hau bere garrantziaren eta jendearentzat duen erakargarritasunaren arabera aukeratuko da, eta denboran zehar aldatuz joango da. Goiko oinean neurri txikiagoko erakusketak izango dira, eta lantegi pedagogikoak, eta liburutegi espezializatuak orain arte bezala jarraituko du zerbitzuak eskaintzen.

Ibilbide berri honi ekiteko, Museoak berak produzitutako “Donostia, itsas hiria. San Sebastián, ciudad marítima” izeneko erakusketa proposatzen dugu. Erakusketa honen bidez, ibilbidea egingo dugu hiriaren itsas historian barrena, erromatarren garaitik gaur egun arte. Urtebete iraungo du, 2007ko apiriletik 2008ko maiatzera arte.

Erakusketa honen garrantzia ageri-agerikoa da; izan ere, Donostiak oso eginkizun garrantzitsua izan du -eta eginkizun hori, zuzenean eta zeharka, Gipuzkoa osoari egokitu zaio azkenean- euskal eta europar itsas historian. Hauxe dugu Untzi Museoak hiriari egiten dion ekarpena, hogei urte inguruko ibilbidearen ondoren erakusketa espezifiko bat eskaini nahi izan baitio Gipuzkoako hiriburuari.

Gainera, kontuan izan behar da orain artean ez dela museorik izan, hiriak mendeetan zehar itsasoarekin izan duen loturari buruzko ikuspegi orokorra eskaintzera bideratutako erakusketarik antolatu duenik.

Datorren astelehenean, 2007ko otsailak 26, itxi egingo da Museoa 2007ko apirilaren 26 arte. Egun horretan ateak zabalduko ditu atzera, "Donostia, itsas hiria" erakusketaren inaugurazioarekin.

Bisitariek egungo erakusketari agur esateko aukera izan dezaten, Untzi Museorako sarrera doakoa izango da otsailaren 20tik, asteartea, otsailaren 25era arte.

Untzi Museoaren ordutegia: Astearte-larunbata: 10-13,30 eta 16-19,30. Igandea: 11-14 h.




“Donostia, itsas hiria. San Sebastián, ciudad marítima” erakusketa berria.

Donostiako hiriak XIX. mendearen amaiera aldean definituko zuen bere turismo-gune izaera, itsas garraioari eta merkataritzari, arrantzari, bale harrapaketari, ontzigintzari, are jarduera kortsarioari ere (Donostia, XVII. mendean, Europako kortsario porturik garrantzitsuenetako bat izango zen) estu lotutako iragana atzean utziz. Neurri handi batean Donostiako biztanleentzat berentzat ezezaguna den historia dugu.

Erakusketa honen xedea bertako zein kanpoko ikusleei Donostiaren itsas historia aditzera ematea da, Museoak ondarea berreskuratzearren egin duen lana erakustea, eta gaur egun Museoa dagoen eraikinaren historia eta ondare balioa agertzea ("Kontsulatuaren dorretxea” da, XVIII. mendean eraikia, kaietako tenientearen etxea, nautika eskola eta itsas salbamenduko zentroa izan zena).

Erakusketak zabalkunde eta pedagogiaren bidea jorratuko du, balio historiko edota artistiko handiko materialak hartuz abiapuntutzat, hala nola: urpeko eta lehorreko arkeologiak berreskuratutako piezak, Erdi Aroko eta Aro Modernoko hainbat objektu, pinturak, grabatuak, kartelak, argazkiak, eskulturak, mapak, planoak, liburuak, eskuizkribuak, nabigaziorako tresnak, maketak, etab. Material horietako asko eta askoren kasuan, jendaurrean ageri diren lehen aldia izango da. Batzuk pieza ezezagunak dira, Museoak urteetan zehar aurkituak.

Museoko fondoez gain, bilduma partikularretako eta beste zentro batzuetako materialak ere ikusgai egongo dira. Aipatu zentro horien artean ditugu El Escorial Monasterioa, Agiritegi Historiko Nazionala, Historiaren Errege Akademia, Simancasko Agiritegi Orokorra, Gipuzkoako Artxibo Orokorra, Donostiako Udal Agiritegia, San Telmo Museoa, Eusko Jaurlaritza, Biblioteka Nazionala, Koldo Mitxelena Liburutegia, Kutxa Fundazioa, Museo Marítimo del Cantábrico delakoa, Hondarribiko Udala, Arantzazuko Santutegia eta Debako Santa Maria Eliza.

Jendeak informazio gehiago jaso ahal izan dezan, gaur-gaurko teknologiak erabiliko dira erakusketan, informazio gehiago eskainiko duten bederatzi ikus-entzunezko eta beste hainbat audiogida eskainiz.

 
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura eta Euskara Departamentua- Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net